GORESPENAK
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.
1 Ant. Izan eizu bihotz, seme, parkatzen jatzuz zure pekatuak, alleluia.
50. salmoa
Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
suntsitu eizu nire makurra zure amaigabeko
errukiaz.
Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
ikuzi naizu nire gaiztakeriatik.
Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
zure begietan oker dana egin dot nik.
Zuzen agertuko zara auzian,
zintzo zure epaian.
Hobendun sortua naz izan ere,
pekatuan ninduan amak erne.
Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
bihotz-munean zuhurtasuna irakasten
deustazu.
Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko
naz,
ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago
geldituko naz.
Entzunazo poza ta atsegina niri;
xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu
eizu,
nire makurkeria guztiak suntsitu eizuz.
Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
Ez naizu urrundu zure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri.
Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
zure arnasa zabalez sendotu naizu.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
Zeugana bihurtuko dira pekatariak.
Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
Jainko, ene salbatzaile;
eta nire ezpanek zure zuzentasuna
pozetan zabalduko dabe.
Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
eta nire ahoak iragarriko dau zure
gorespena.
Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
erre-opariak ez zeunkez hartuko, nik
emonik.
Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
ez dozu gitxietsiko, Jainko,
bihotz damutu eta umildua.
Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
Jerusalemgo harresiak barritu eizuz.
Orduan onartuko dozuz
legezko opari, emari eta erre-opariak;
orduan izango dira zekorrak zure altaran
eskeiniak.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Izan eizu bihotz, seme, parkatzen jatzuz zure pekatuak, alleluia.
2 Ant. Zuk, Jauna, Kristogaz urten dozu zure herria salbatzera, alleluia.
Kantika: Ha 3, 2-4. 13a. 15-19
Jauna, entzun dot Zuk entzutera emona,
harritu nau, Jauna, Zuk egindako lanak.
Urteen buruan lan hau erakutsi eizu,
urteen buruan ezagutuazo eizu.
Hasarrean errukia gogoratu eizu.
Etorriko da Jauna Teman-aldetik,
Santua Faran-ganetik.
Handiz estaltzen dau zerua,
Haren gorespenez betea da lurra.
Haren edertasuna argia lez,
Haren eskutik argi-izpiek dabe urteten,
Haren indarra dabela gordetzen.
Urteten dozu zure herria salbatzera,
zure gantzutua salbatzera.
Ibili zara itsasoan zehar zure zaldiz,
olatu gogor eta ur handiz.
Hau entzunez, nire erraiak ikara,
soinu horrekin nire ezpanak dardara.
Sartu da bildurra nire hazurretan,
koloka dodaz oinak euren orpoetan.
Lasai itxaroten dot larri-eguna,
gu zapaltzen gaituan herriari sortuko jakona.
Ikoak ez badau lorarik,
eta mahastiak ere ez uztarik;
oriondoak hutsegingo baleu,
landeak janaririk ekarriko ez baleu;
artegian ardiak urrituko balira,
behirik ez balego kortan;
halan be, alaituko naz ni Jaunagan,
poztuko, salbatzaile dodan Jainkoagan.
Nagusi dan Jauna dot indarra;
basahuntzaren oinak emongo deustaz
ganez-gane nau atarako.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zuk, Jauna, Kristogaz urten dozu zure herria salbatzera, alleluia.
3 Ant. Sion, goretsi eizu zure Jainkoa, zure mugetan bakea ezarri dau-ta, alleluia.
147 Salmoa
Jerusalem, ospatu eizu Jauna,
Sion,
goretsi eizu zure Jainkoa.
Zure ateen sarrailak indartu dauz-eta,
zure seme-alabak zure barruan bedeinkatu ditu.
Zure mugetan bakea jarri dau-ta,
gari-maminez asetu zaitu.
Bialtzen dau lurrera bere berbaroa,
eta Haren hitza bizkor eta arin doa.
Emoten dau edurra artulea lez,
zabaltzen dau aintziarra hautsa lez.
Ogi-apurraren antzera jaurtitzen dau bere izotza:
Nork jasan daike haren hotza?
Bialtzen dau bere hitza,
eta beragaz urtzen dira,
bere haizeari eraginez urak isurika doaz.
Iragarri deutso bere hitza Jakobi,
bere erabagi eta aginduak Israeli.
Ez deutso egin holakorik beste herriri,
bere aginduak ez deutsoz agertu besteri.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Sion, goretsi eizu zure Jainkoa, zure mugetan bakea ezarri dau-ta, alleluia.
Eg 13, 36-39
Gure gurasoei egindako agintzaria Jainkoak geuri, seme-alaboi, bete deusku; biztu egin dau-ta Jesus. Jainkoak hilen artetik biztu dauala, ustelak gehiago har ez daian, Liburu Santuan eben esana: Emongo deutsuedaz, Dabidi agindu neutsazan grazia iraunkorrak. Horregatik beste nonbait esaten dau: Ez dozu zure zintzoa ustelak hartzen itziko.
R/. Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia.
Biztu da.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana.
Alleluia.
Aintza Aitari. Biztu da.
Bened. ant. Hartu zituen Jesusek ogiak, egin eban esker-onezko otoitza, eta jesarritakoen artean banatu ebazan, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Hartu zituen Jesusek ogiak, egin eban esker-onezko otoitza, eta jesarritakoen artean banatu ebazan, alleluia.
Eskariak
Egin deiogun otoitz Jainko Aitari, Espirituaren bitartez Kristo biztu ebanari eta gure gorputz hilkorrak biziazoko dauzanari, eta hotsegin deiogun:
Zuzpertu gaizuz, Jauna, zeure Espiritu Santuaz
—Aita guztiz santu, zure Semea hilen artetik biztuz, Aren heriotz-oparia ontzat hartu zenduala erakutsi zeunskun: * hartu eizu gaurko egun honen oparia, eta eroan gaizuz betiko bizitzara.
—Ikusi begi onez gure egun honetako lanak, * zure aintzarako izan daitezan eta guztien santutasunerako.
—Gure egun honetako lana, mundu barri bat egiteko izan dadila, * eta eroan gaizala zure betiko erreinura.
—Zabaldu eizuz gaur gure begi-bihotzak gure senideen aldera, * alkar
maitatuz, alkarri zerbidu deiogun.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan
daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko Jauna, zure
Semea kurutzean hiltzea nahi izan zenduan, gu arerioaren menpetik ateratzeko; iguzu,
biztutzeko grazia jadetsi daigula. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren
bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta,
gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko
ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.