domingo, 9 de febrero de 2025

Bostgarren Barikua

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

1 Ant. Oroitu zaitez nitaz, Jauna, zure erreinura heltzean, alleluia.

50. salmoa

 Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
      birrindu eizu nire akatsa zure amaibako errukiaz.
      Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
      ikuzi naizu nire gaiztakeriatik.

Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
      nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
      Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
      zure begietan oker dana egin dot nik.

Zuzen agertuko zara auzian,
      zintzo zure epaian.
      Hobendun sortua naz izan ere,
      pekatuan ninduan amak erne.

Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
      bihotz-munean zuhurtasuna irakasten deustazu.
      Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko naz,
      ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago geldituko naz.

Entzunazo poza eta atsegina niri;
      xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
      Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu eizu,
      nire akats guztiak birrindu eizuz.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
      arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
      Ez naizu urrundu zure aurretik,
      zure arnasa santua ez kendu niri.

Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
      zure arnasa zabalez sendotu naizu.
      Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
      Zeugana bihurtuko dira pekatariak.

Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
      Jainko, ene salbatzaile;
      eta nire ezpanek zure zuzentasuna
      pozetan zabalduko dabe.

Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
      eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
      Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
      erre-opariak ez zendukez hartuko, nik emonik.

Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
      ez deutsazu muzin egingo, Jainko,
      bihotz damutu eta umilduari.

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
      Jerusalemgo harresiak barritu eizuz.
      Orduan onartuko dozuz
      legezko opari, emari eta erre-opariak;
      orduan izango dira zekorrak zure altaran eskeiniak.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Oroitu zaitez nitaz, Jauna, zure erreinura heltzean, alleluia.

 

2 Ant. Jainko ezkutua zara Zu, egiaz, Israelen Jainkoa, Salbatzailea, alleluia. †

Kantika: Is 45, 15-26

 Jainko ezkutua zara Zu, egiaz,
      Israelen Jainkoa, Salbatzailea, alleluia.

 † Lotsaren lotsaz gorritu dira, danak batera.
      Alde egin dabe lotsakizunez beteta,
      jainko-irudien egileak.
      Israelek salbamena lortu dau Jaunagandik betiko,
      ez da lotsaren lotsaz gorrituko menderen mendeetan.

Holantxe hitz egin dau Jaunak, zeruak egin dituanak,
      Bera da Jainkoa, lurra eratu, egin eta sendotu dauana;
      ez dau, ez, hutsik eukitzeko egin, gizakien bizileku baino:
      «Neu naz Jauna, eta ez da besterik».

Ez dot hitz egin ezkutuan,
      lurreko bazter iluntsuan.
       Ez deutsat esan Jakob-en haziari:
       «Nire bila ez alperrik ibili».

Neu naz Jauna, zuzen hitz egin dauana,
      egia besterik esaten ez dauana.
      Batu, etorri, hurreratu zaiteze danak,
      atzerrian bizirik gelditu zarienak.
      Zoro dira zurezko irudia daroenak,
      ezin salbatu dituen jainkoari otoitz dagioenak.

Egin hitz, jardun, hizketa egin alkarrekin,
      nork iragarri eban hau lehenagotik,
      nork esan aurreragotik?
      Ez ete Neuk, Jaunak? Ez da-ta Neu beste jainkorik;
      ez da Nitaz kanpo jainko zuzen, salbatzailerik.

Bihurtu Neugana lur-bazter guzti, salbatu nahi badozue,
      Neu naz-eta Jainkoa, besterik ez dozue.

Neure buruagaitik egiten dot zin,
      egiak dau nire ahotik urten,
      ez dau egingo atzera:
      «Guztiak jarriko jataz belauniko,
      mihin guztik dau Neugaitik zin egingo».

Esango dabe: «Jaunagan baino ez indarra eta garaipena».
      Lotsaren lotsaz etorriko jakoz,
      Haren aurka lehian ziharduenak.

Jaunarekin garaile izango da
      eta ospez betea, Israelgo ondarea.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jainko ezkutua zara Zu, egiaz, Israelen Jainkoa, Salbatzailea, alleluia.

 

3 Ant. Jaunari zerbitzu alai eiozue, alleluia.

99. salmoa

 Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
      Jaunari Zerbitzu alai eiozue,
      Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze.

Jakizue Jauna dala Jainko,
      Berak egin gaitu, Bereak gara,
      Bere herri eta larreko artalde.

Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,
      Haren atarietan goratzarreka,
      emon eskerrak, bedeinkatu Haren izena.

«Onbera da-eta Jauna,
      Haren maitasuna betiko,
      Haren leialtasuna mendeen mendeetaraino».

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jaunari zerbitzu alai eiozue, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

Eg 5, 30-32

     Gure arbasoen Jainkoak biztu egin eban zuek hagatik eskegita hil zenduen Jesus. Jainkoak goratu egin dau bere eskoiaz, eta Buruzagi eta Salbatzaile egin, Israeli bihotz-barritzea eta pekatuen parkamena emoteko. Geu gera gauza honeen testigu, baita Jainkoak bere esana egiten dabenei emoten deutsen Espiritu Santua ere.


R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.  

Bened. ant.  Hauxe da nire agindua: Maitatu daizuela alkar Neuk maite izan zaituedan lez, alleluia. 

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Hauxe da nire agindua: Maitatu daizuela alkar Neuk maite izan zaituedan lez, alleluia.  

Eskariak

     Egin deiogun otoitz, Kristoren bitartez bizi barria emon deuskun Jainko Aitari, esanez:

Argitu gaizuz, Jauna, Kristoren distiraz.

     —Jainko Jauna, zure egitez irakatsi zeuskun, betirik mundua salbatzeko dozun asmoa, eta zure agintzetan beti leial agertu zara: * entzun gaizuz maitasunez.

     —Garbitu gaitzazu zure egiaz, eta zuzendu eizuz gure urratsak santutasun-bidean, * zure gogoko dana egin daigun.

     —Bihurtu gugana zure aurpegi distiratsu hori, * pekatutik atarata, zure etxeko ondasunez bete gaitezan.

     —Apostoluei bakea emon zeuntsen Horrek, * emoiguzu bakea guri eta lurbira guztikoei.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Emoiguzu, Jauna, Pazko-misterioa behar bezela bizi izatea; pozik ospatzen dogun misterio konek, bere indarrez,
jagon eta salbau gaizan beti. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...