GORESPENAK
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.
1 Ant. Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak, alleluia.
79 Salmoa
Israelgo Artzain, aditu eizu,
Jose artaldea lez larratzen dozu-ta.
Kerubin-ganean jesarten zara-ta,
egizu dirdai Efrain, Benjamin eta Manasesen aurrera.
Zure indarrari eragiozu,
zatoz eta salbau gaizuz.
Jainko, birbiztu gaizuz,
salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.
Noiz arte zagoz sumin, Jauna, gudari-taldeen Jainkoa,
zure herriaren otoitzaren aurka?
Negarra emon deuskuzu janari,
negar-malko ugariak edari.
Auzoen arteko burruka-bide egin gaituzu,
eta etsaiek guri iseka dihardue.
Gudari-taldeen Jainko, birbiztu gaizuz,
salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.
Egiptotik mahatsondo bat atara zenduan,
atzerriak jaurtirik landatu zenduan.
Lurra zeuntsan eratu,
lurraldea estaltzeraino zan errotu.
Mendiak gerizpean ditu bere gerizarekin,
eta izeirik handienak bere aihenekin.
Zabaldu ditu adarrak Itsasoraino,
eta muskilak Ibairaino.
Inguruko hormea zergaitik deutsazu hondatu,
bidez doazan guztiek murriztu daien?
Basurdeek lardaska daien,
basa-piztiek jan daien?
Bihurtu zakiguz, gudari-taldeen Jainko,
begitu zerutik, ikusi, mahatsondo honi agertu zakioz:
zeure eskuz landatu dozun aldaska honi,
Zeuk indartu dozun landareari.
Erre eta kiskali dabe eta ebagi,
hondatu eizuz zure bekozko zorrotzarekin.
Emoiozu eskua, aukeratu dozun gizakiari,
Zeuk indartu dozun gizakumeari.
Ez gara Zugandik urrunduko,
euki gaizuz bizirik eta zure izena dogu deituko.
Jauna, gudari-taldeen Jainkoa, birbiztu gaizuz,
salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak, alleluia.
2 Ant. Atarako dozuez urak pozetan, salbazinoaren iturrietan, alleluia.
Kantika: Is 12, 1-6
Eskerrak Zuri, Jauna; nire aurka zengozan hasarre,
baina joan da zure hasarrea eta pozez nozu bete.
Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;
badot uste on eta ez naz bildur.
Jauna da-ta nire indar eta kemen,
Bera izan da nire salbamen.
Atarako dozuez urak pozetan,
salbazinoaren iturrietan.
Egun haretan hauxe esango dozue:
«Eskerrak Jaunari, haren izena aldarrikatu eizue.
Ezagutuazo herrietan haren eginen bikainak,
iragarri eizue Haren izen garaia.
Kanta Jaunari, egin dauz-eta aitatzekoak,
ezagutu beie hau lurbira osoan.
Sionen bizi zarienok, goretsi eizue irrintzika,
handi dago-ta Israelgo Santua zuen erdian».
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Atarako dozuez urak pozetan, salbazinoaren iturrietan, alleluia.
3 Ant. Jaunak gari-maminez janaritu gaitu, alleluia.
80 Salmoa
Egin pozez oihu, laguntzaile dogun Jainkoari,
egin txalo Jakoben Jainkoari.
Jo salterioa, tunpa zaldabaia,
lirarekin kitara alaia.
Jo turuta hilbarrian,
hilabeteko gure jai handian.
Israelek dau-ta ohitura,
Jakoben Jainkoak agindua;
Joseri jarri eutson legea,
Egiptotik urtetean.
Berbaro ez-ezaguna neban entzun:
«Kendu deutsat bizkarretik zama,
haren eskuek itzi dabe otzara-lana.
Larrialdian oihu egin deustazu eta askatu zaitut,
ekatxaren barrutik erantzun deutsut,
Meribako uretan aztertu zaitut.
Entzun, ene herri, zure aurka dodan autormena,
entzungo ete nozu Israel, agian!
Ez izan zugan besteren jainkorik,
ez gurtu jainko arrotzik.
Neu nozu Jauna, zure Jainkoa,
Egiptotik Neuk zaitut atara:
zabaldu eizu ahoa, eta izango dozu betea.
Baina nire herriak ez dau entzun nire berbea,
Israel ez da egon nire esanera.
Horregaitik itzi ditut euren bihotz txigorraren
gurara,
bebilz euren gogoaren arabera!
Ai, entzungo banindu nire herriak!
Balebil Israel nire bidean!
Haren etsaiak berehala zapalduko neunkez,
haren etsaien aurka eskua bihurtuko neunke.
Jauna gorrotatzen dabenak menpean leukez,
eta hareen zoria betiko horrela legoke.
Gari-maminez janarituko neunke,
eta harkatxeko eztiz asetu.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jaunak gari-maminez janaritu gaitu, alleluia.
Eg 13, 36-39
Dabid, bere egunetan Jainkoak emondako eginkizuna bete ondoren, hil egin zan; bere arbasoekin ezarri eben, eta ustelak hartu eban. Baina Jainkoak biztu dauana, Kristo, ez dau ustelak hartu. Jakizue, ba, senideok, Honi esker jatzuela iragarten pekatuen parkamena; eta Moisesen Legean aurkitu ez dozuen zuzentasuna, Kristogan emoten jakela bere betean, sinisten daben guztiei.
R/. Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia.
Biztu da.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana.
Alleluia.
Aintza Aitari. Biztu da.
Bened. ant. Maite dau Aitak Semea, eta gauza guztiak eskuetara emonak deutsoz, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Maite dau Aitak Semea, eta gauza guztiak eskuetara emonak deutsoz, alleluia.
Eskariak
Egin deiogun otoitz uste osoz Aita Jainkoari, bere seme-alabak biztuazoteko Kristo jarri dauanari, honela hotseginez:
Izan bedi gure bizia Jesus Jauna.
—Suzko hagaz argi egin zeuntsan zure herriari basamortuan: * Kristo izan dakigula gaur, bere biztuerearen bitartez, bizitzako argi.
—Moisesen ahoz irakatsi zeuntsan zure herriari mendian: * Kristo izan dakigula gaur, bere biztuerearen bitartez, bizitzako hitz.
—Manaren bidez janaritu zenduan zure herria basamortuan: * Kristo izan dakigula gaur, bere biztuerearen bitartez, bizitzako ogi.
—Harkatxeko urez ase zenduan zure herria: * emoiguzu gaur, zure Semearen biztuereagaitik, biziaren Espiritua.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko guztiz
ona, Pazko-aldian hartutako graziek ekarrideiguezala, Zuri esker, frutu ugari
gure bizitza guztian. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta
Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta
gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko
ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.