lunes, 17 de febrero de 2025

Pentekoste Domekea

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia!

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Bai ona ta gozoa dala, Jauna, gugan bizi dan zure Espiritua! Alleluia.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bai ona ta gozoa dala, Jauna, gugan bizi dan zure Espiritua! Alleluia.

 

2. Ant. Iturriak eta uretan dabiltzan guztiak, eiozue goratzarre Jainkoari, alleluia.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Iturriak eta uretan dabiltzan guztiak, eiozue goratzarre Jainkoari, alleluia.

 

3. Ant. Apostoluek hizkuntza askotan emoten eben Jainkoaren mirarien barri, alleluia.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Apostoluek hizkuntza askotan emoten eben Jainkoaren mirarien barri, alleluia.

 

Jainkoaren hitza 

Eg 5, 30-32

      Gure arbasoen Jainkoak biztu egin eban, zuek hagatik zintzilik hil zenduen Jesus. Jainkoak goratu egin dau bere eskoiaz, eta Buruzagi eta Salbatzaile egin, Israeli bihotz-barritzea eta pekatuen parkamena emoteko. Geu gara gauza honeen testigu, baita Jainkoak bere esana egiten dabenei emoten deutsen Espiritu Santua ere.

 

R/.  Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran * Alleluia, alleluia. Guztiak.
V/.  Eta berbetan hasi ziran. Alleluia.
        Aintza Aitari. Guztiak.

 

Bened. ant.  Hartu eizue Espiritu Santua: zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatuak gelditzen jakez, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Hartu eizue Espiritu Santua: zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatuak gelditzen jakez, alleluia.

 

Eskariak

      Espirituaren bitartez bere Eleizea batu dauan Jesu Kristo Jaunari, uste osoz egin deiogun otoitz:

 

      —Jesus Jauna, kurutzean jasorik, zure saihetsetik ur bizia ibaika isuri zenduan: * bialdu eiguzu Espiritu bizi-emoilea.

      —Zuk, Jainkoaren eskoi-aldera goratua izanik, Aitaren dohaia emon zeuntsen ikasleei: * bialdu eizu Espiritua, mundua berriztatu daian.

      —Zeuk emon zeuntssen Apostoluei, zure Espirituaz, pekatuak parkatzeko eskubidea: * suntsitu eizu munduko pekatua.

      —Zuk Espiritu Santua agindu zeunskun, guri gauza guztiak irakasteko eta Zeuk esanak gogoratuazoteko: * emoiguzu, gure sinismena argituko dauan Espiritua.

      —Zuk egiaren Espiritua agindu zenduan, zure autorle izan eiten: * bialdu eiguzu Espiritu hori, geu ere zure autorle zintzo izan gaitezan.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

      Pentekoste-misterioaren bidez, Jauna, herri eta jente talde guztietan santutzen dozu zure Eleizea; isuri eizuz Espiritu Santuaren dohaiak mundu zabalaren gainera, eta barritu eizuz orain fededunen bihotzetan, Ebanjelio-zabaltzearen hasieran errukiz egin zenduzan mirariak.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean. Alleluia, alleluia.
R/. Eskerrak Jainkoari. Alleluia, alleluia.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...