sábado, 8 de febrero de 2025

Hirugarren Eguaztena

GORESPENAK

 Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Atzerri guztiak etorriko dira Jauna gorestera, alleluia.

85 Salmoa

Makurtu eizu, Jauna, belarri hori, entzun naizu,
     gizagaixo eta behartsu nozu-ta,
     Zintzo naz-eta ni Zugaz, zaindu naizu;
     Zugan uste on dauan morroi hau salbau eizu.

Neure Jainko zaitut: erruki nitaz, Jauna,
     Zuri deiez etenik barik dihardut-eta.
     Alaitu eizu morroi honen arimea,
     Zeugana dago-ta, Jauna, nire arimea.

Ona zara-ta, Jauna, eta errukiorra,
     deitzen deutsuen guztientzat onginahiez betea.
     Entzun, Jauna, nire otoitza,
     aditu nire eskariaren hotsa.

Egun larrian deika naiabiltzu,
     entzungo nozu-ta.
     Zure kidekorik ez da, Jauna, jainkoetan,
     Zuk eginen antzekorik ez da eginetan.

Egin dozuzan atzerri guztiak
     etorriko dira, Jauna, Zu gurtzera,
     eta zure izena ospatzera.
     «Handia zara ta mirarigile,
     Zeu zara Jainko bakarra».

Zure bidea erakutsi eidazu, Jauna,
     zure egian ibili nadin;
     emoiozu leialtasuna nire bihotzari,
     zure izenaren bildur izan dadin.

Goretsiko zaitut bihotz osoz, Jauna, ene Jainkoa,
     beti ospatuko dot zure izena.
     Erruki handia izan dozu-ta nigaz,
     atara dozu-ta nire bizia Leza sakonetik.

Harroak jagi jataz, ene Jainko,
     badabil gizon zakarren taldea ni hil-nahian,
     ez zaukez Zu begien aurrean.

Zu, ordea, Jauna, Jainko errukior zaitut eta onbera,
     berant-hasarre, guztiz maitekor eta leiala.
     Begitu eidazu eta erruki zakidaz,
     emoiozu morroi honi zure kemena,
     salbau eizu zure neskamearen semea.

Emoizu nire alde ezaugarri bat,
     gorroto deustenek lotsaturik ikusi daiela,
     Zuk, Jauna, lagundu eta poztua nazala.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Atzerri guztiak etorriko dira Jauna gorestera, alleluia.

 

2 Ant. Gure begiek Erregea ikusi dabe bere aintzatan, alleluia.

Kantika: Is 33, 13-16

Entzun Nik egina, urrun zarienok;
     ezagutu nire indarra, hur zagozenok.

Bildur dira Sionen, hobengileak,
     ikareak hartu ditu gaizkileak.
     Guretatik nor bizi daiteke su irunskorretan?
     Guretatik nor bizi daiteke betiko garretan?

Zuzen jokatzen dauana
     eta leial hitz egiten dauana;
     indarkeriaren irabaziak uxatzen dituana
     eta eskupekoa gatxetsiz eskua astintzen dauana;
     belarriak estaltzen dauzana odolkeria ez entzuteko,
     begiak ixten dauzana gaiztakeria ez ikusteko.

Holakoa, toki goietan bizi izango da,
     arkatx-ganeko gazteluan babestua;
     emongo jako ogia eta izango dau ura.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Gure begiek Erregea ikusi dabe bere aintzatan, alleluia.

 

3 Ant.  Gizaki guztiek ikusiko dabe Jainkoaren salbazinoa, alleluia.

97 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
     egin dauz-eta hainbat harrigarri.
     Bere eskoiak emon deutso garaipena,
     bere beso santuak.

Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena,
     agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
     On eta leial izan dala gogoratu dau,
     Israel-etxeari buruz.

Ikusi dabe lur-muga danek,
     gure Jainkoagandiko garaipena,
     Lur osoa, eiozu txalo Jaunari,
     egin oihu eta irrintzi, egin eresi.

Eresi Jaunari kitararekin,
     kitara eta salterio ozenarekin:
     turuta eta adar-hotsean,
     egin txalo errege dan Jaunaren aurrean.

Orro egin bei itsasoak bertako guztiekin,
     lehorrak ere bertan bizi diranekin,
     Txalo jo beie ibaiek,
     pozez oihu egin mendiek.

Jaunaren aurrean, badatorrelako,
     lurbira epaitzera datorrelako.
     Zuzenbidez epaituko dau lurbirea,
     eta zuzentasunez herriak.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Gizaki guztiek ikusiko dabe Jainkoaren salbazinoa, alleluia. 

 

Jainkoaren Hitza

Err 6, 8-11

     Kristorekin hil bagara, sinisten dugu bizi ere Beragaz bizi izango garala; izan be, badakigu Kristo hilen artetik biztu zan ezkero, ez dala berriro hilgo; heriotzeak ez dau Harengan gehiago aginterik. Haren hiltzea, pekatuarentzat behin betiko hiltzea izan zan-eta; eta Haren bizi izatea, Jainkoarentzat bizi izatea da. Holan, ba, zuek ere euki eizuz zeuen buruak pekatuarentzat hilak lez eta Jainkoarentzat biziak, Kristo Jesus gure Jaunagan.


R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.

 

Bened. ant.  Semea ikusten dauanak eta Harengan sinisten, badau betiko bizia: eta Neuk biztuko dot azken-egunean, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Semea ikusten dauanak eta Harengan sinisten, badau betiko bizia: eta Neuk biztuko dot azken-egunean, alleluia.


Eskariak

     Gure gaiztakeriakatik hil, eta gure zuzentasunerako biztu zan Kristori dei eginez, esan deiogun:

Salbau gaizuz, Jauna, zeure garaipenaz.

     —Kristo Salbatzaile, heriotzea zapalduz poztu gaituzu, biztuereaz goratu eta emoitza guztiz bete: * eragin gure bihotzei, eta santu egizu egun hau Espiritu Santuaren dohaiez.

     —Zeruetan aingeruek goresten, eta lurrean gizakiek gurtzen zaituen Jauna, * hartu eizu, zure biztuerako aldi honetan, gure gogozko eta egiazko agurra.

     —Jesu Kristo Jauna, salbau gaizuz, eta isuri zure errukia, biztuerearen itxaropenean dagoan herriaren ganera; * erruki zakiguz eta gorde gaizuz egun honetan, gatx guztietatik.

     —Errege aintzaz betea, * iguzu, agertu zaitezanean, gu ere Zeugaz izan gaitezala zeruan.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

   Erdu, Jauna, zure familiari laguntzera; eta fedearen grazia emon deuskuzun ezkero, egizu, parte izan daigula betiko
zure Semearen biztueran. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...