lunes, 10 de febrero de 2025

Seigarren Astelehena

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea

1 Ant. Basahuntza iturrien irrika lez, halan daukat, Jainko, gogoa irrika Zugana, alleluia. †

41 Salmoa

Basahuntza iturrien irrika lez,
     halantxe daukat, Jainko, gogoa irrika Zeugana.
   Nire gogoa Jainkoaz, Jainko biziaz, da egarri,
     noiz joango ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera.

Gau ta egun, negar-malkoak ditut ogi,
     egunero jabiltaz: «Non dok hire Jainko hori?»
     Urtutzen jat barruan gogoa hau oroituz:
     zelan joaten nintzan Jainkoaren etxera,
     irrintzika ta goraka, jendetzaren aurrean,
     jaitarrekin batera.

Zergaitik zagoz, ene arima, lur-jorik?
     Zergaitik, egon-ezinik?
     Itxaron Jainkoagan, barriro ere Bera dot-eta goretsiko,
     nire aurpegiaren salbazino eta nire Jainko.

Atsekabez daukat bihotza,
     eta gogoan zaitut Jordan-lurretik,
     Hermondik eta Misar-menditik.
     Lezak lezeari deadar zure ur-jauzien durunduan,
     zure olatu eta ur-tontorrak nire ganetik igaro dira.

Egunez bialduko deust Jaunak bere grazia,
     eta gauez egingo deutsat eresi,
     otoitz egingo, bizi nauan Jainkoari.

Hauxe esango deutsat Jainkoari:
     «Ene Harkatx, zergaitik naukazu ahazturik?
     Zergaitik nabil goibel, etsaiak zapaltzen nauala?

Hazurrak xehatzen jataz, etsaiek isekatzen nabenean,
     «Non dok hire Jainko hori?» egunero niri esatean.

Zergaitik zagoz, ene arima, lur-jorik?
     Zergatik, egon-ezinik?
     Itxaron Jainkoagan, barriro ere Bera dot-eta goretsiko,
     nire aurpegiaren salbazino eta nire Jainko.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Basahuntza iturrien irrika lez, halan daukat, Jainko, gogoa irrika Zugana, alleluia.

 

2 Ant. Jauna, bete eizu Sion zure handitasunez, eta zure jauretxea zure edertasunez, alleluia.

Kantika: Sir 36, 1-7. 13-16

Gauza guztien Jainko, salbau gaizuz;
     atzerri guztietan Zeuganako bildurra sartu eizu.
     jaso zure eskua beste herrien aurka,
     ikusi daien zure ahalmena.

Gu zigortuz, santu agertu zara-ta hareen aurrean,
     holan, hareek zigortuz, agertu zaitez handi gure aurrean.
     Jakin daien, Jauna, geuk dakigun lez,
     Zeu beste jainkorik ez dala.

Barritu eizuz mirariak, barriztau harrigarriak,
     zure esku eta besoari emoiezu ospea.
     Batu eizuz Jakoben leinu guztiak,
     behinola lez emoiezu euren ondarea.

Erruki zakioz, Jauna, zure izena daroan herriari,
     zure lehen-semetzat hartu dozun Israeli.
     Erruki zakioz zure uri santuari,
     Jerusalemi, zure bizilekuari.
     Bete eizu Sion zure handitasunez,
     eta zure jauretxea zure edertasunez.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jauna, bete eizu Sion zure handitasunez, eta zure jauretxea zure edertasunez, alleluia.

 

3 Ant. Jainkoaren aintzak argitzen dau uri santua, eta Bildotsa dau bere argi, alleluia.

18 Salmoa

Ortziak Jainkoaren ospea dau zabaltzen,
     zeru urdinak Haren esku-lana iragartzen.
     Bialtzen deutso hitza egunak egunari,
     barri emoten gauak gauari.

Ez da hitzik, ez berbetarik,
     ez da hotsik, entzun daitekeanik:
     Lur guztira zabaltzen da hareen hotsa,
     lurbiraren mugaraino hareen berbetea.

Han ipini deutso eguzkiari egoitza,
     urteten dau, senarrak bere gelatik lez;
     pozik doa gizon indartsu antzera,
     bere ibil-bidea egitera.

Zeru-bazterretik urteten dau,
     eta beste bazterreraino haren txangoa,
     inork ezin daike hutsegin haren beroa.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jainkoaren aintzak argitzen dau uri santua, eta Bildotsa dau bere argi, alleluia.


Jainkoaren hitza

 Eg 2, 22-24

    Entzun eta jarri erne zuen belarriak nire hitzetara: Nazareteko Jesusi buruz dihardut; Jainkoak sinisgarri egin eutsuen gizon hori; Haren bidez egin ebazan-eta, zuek dakizuen miragarriak, harrigarriak eta ezaugarriak. Jainkoak erabagia eta aurrez jakina eukan lez, zuen eskuetara emona izan zan gizon hau, eta zuek hil egin zenduen, jentilen eskuz kurutzean josiz: baina Jainkoak biztu egin eban, heriotzaren lokarriak askaturik. Ha ezin eitekean-eta heriotzearen menpean egon.


R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.


Bened. ant.
 Jainkoak itxaropen bizirako sortu gaitu barriro, Jesu Kristoren hilen arteko biztuerearen bidez, ustelik bakoa dan ondarerako, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jainkoak itxaropen bizirako sortu gaitu barriro, Jesu Kristoren hilen arteko biztuerearen bidez, ustelik bakoa dan ondarerako, alleluia.


Eskariak

     Egin deiogun otoitz bere Semearen heriotzaz eta biztueraz goraldua izan dan Jainko Aitari, eta uste osoz eskatu deiogun:

Argitu eizuz, Jauna, gure adimenak.

     —Argi guztien iturburu zaran Jainko, Kristoren biztuera ospetsuaz mundua argitu zenduan; * argitu eizuz gaur gure adimenak, sinismen biziaren distiraz.

     —Zure Semearen biztuereaz, betiko bizitzarako ateak zabaldu zeunskuzan gizon-emakumeoi; * gaurko gure lanen bitartez, emoiguzu betiko zorionaren itxaropenean sendotzea.

     —Biztutako zure Semearen bitartez, Espiritu Santua bialdu zeuntsan munduari; * biztu eizu gure bihotzetan maitasun-sua.

     —Gu askatzeagaitik, kurutzetik zintzilik egon zinan Jesu Kristo, * izan zaitez gaur gure salbamen eta erospen.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

     Jainko guztiz ona, Pazko-aldian hartutako graziek ekarri deiguela, Zuri esker, frutu ugari gure bizitza guztian. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...