GORESPENAK
Agurra
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza
Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Alleluia.
1 Ant. Nire Aitaren nahia egiten dauana
sartuko da zeruetako erreinuan, alleluia.
100 Salmoa
Nire kanta-gai
maitasuna ta zuzentasuna,
Zeuri abestuko deutsut salterioz, Jauna.
Biderik zuzenena dot hartuko;
Zu nigana noiz etorriko?
Bihotz errugabez
ibiliko naz,
nire etxe barruan.
Nire begien aurrean ez dot asmorik
gaiztakeria egitekorik.
Gaizkileari nik
gorroto,
ez da nigana batuko.
Bihotz gaiztoa urrun egongo da nigandik,
ez dot ezagutuko gaizto danik.
Lagun-hurkoa isilpean
bezten diharduana,
haxe da galduko dodana.
Begi-goi dana eta bihotz-harro,
nik ez dot jasango.
Nire begiak lurreko
zintzoei begira:
neugaz bizi izango dira;
bide garbian dabilana,
haxe nire morrontzan jardungo dauana.
Ez da inor bizi izango
nire etxean,
iruzur eginean.
Guzurrez diharduana ez da egongo oinen ganean,
nire begien aurrean.
Lurreko hobendunak
goizero galduko ditut,
haizatuko Jaunaren uritik gaizkile guztiak.
Aintza Aitari eta
Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Nire Aitaren nahia egiten dauana sartuko da zeruetako erreinuan, alleluia.
2 Ant. Lur osoak jakin bei, Jauna, Zeu zarala gizaldien erregea, alleluia
Kantika: Dn 3, 26.27.29.34-41
Bedeinkatua Zu, Jauna,
gure arbasoen Jainkoa!
Goresgarria eta aintzagarria betiko zure izena!
Egin deuskuzun guztian
zuzena zara-ta,
zure egite guztiak zinak dira.
Zuzenak dira zure bide guztiak,
egiazkoak zure epai guztiak.
Bai, pekatu egin dogu,
eta oker jokatu,
Zugandik aldenduz.
Guztian hutsegin dogu,
zure aginduak ez ditugu entzun.
Zure izen onagaitik!
Ez gaizuz betiko zapuztu, Jauna,
eta ez hausi gugaz dozun ituna.
Ez ukatu guri zure errukirik,
Abraham zure maiteagaitik;
Isaak zure morroiagaitik,
Israel zure santuagaitik.
Zeuk emon zeuntsen-eta
berbea
zeruko izarrak eta itsasoko hondarrak lez,
ugarituko zendula hareen ondorea.
Orain, ordea, Jauna,
oso txiki bihurtu gara,
beste herri guztien aldean;
hankapetuta gagoz gaur lurbira osoan,
geure pekatuen ordainetan.
Aldi honetan ez dogu
buruzagirik,
ez profeta, ez gidari, ez erre-oparirik,
ez opari, ez eskeintza ta ez lurrunik;
Ez dogu lehen-frutuak Zuri eskeintzeko tokirik,
ez zure errukia non-aurkiturik.
Horregatik, Jauna,
hartu gaizuz onez,
bihotz-damuz gagoz-eta, eta gogo
apalez;
hartu gaizuz, ahari eta zezenen erre-opari lez,
milaka bildots gizen lez.
Halan izan bedi gaur
gure oparia zure aurrean,
eta atsegin bekizu guk Zuri jarraitzea,
ez dira-ta lotsatuko Zugan uste on dabenak.
Orain bihotz-bihotzez
jarraitzen deutsugu,
zure bildur gara eta zure aurpegiaren bila
gabiltzuz.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Lur osoak jakin bei, Jauna, Zeu zarala gizaldien erregea, alleluia
3 Ant. Jainkoak nahi dauan guztia egiten dau, alleluia.
143a Salmoa
Bedeinkatua izan bedi
nire harkatx dan Jauna,
eskuok gudura eta atzamarrok burrukara
egokitzen deustazana.
Nire laguntzaile eta nire gaztelu,
nire salbatzaile eta gordeleku.
Nire babeski eta batze-leku da-ta,
herriak menpeko emon deustazana.
Jauna, zer da gizona
Zu haretzaz arduratu zaitezan?
Zer da gizasemea Zu haretzaz oroitu zaitezan?
Gizona arnasaldi baten antzeko,
haren egunak, iges doan gerizearen antzeko.
Eratsi eizu ortzia eta
jatsi zaitez, Jauna,
ikutu eizuz mendiak, eta ketan jarriko dira.
Tximistez jo eta sakabanatu eizuz,
zure gezia jaurtiz ikaratu eizuz.
Luzatu eidazu eskua
goiko ganetik,
atara naizu eta salbau uholdetik,
atzerritarren eskutik.
Guzurra dino-ta hareen ahoak,
hareen eskoiak guzurrezko zina.
Kantu barri bat
kantatuko deutsut, Jainkoa,
hamar hariko salterioz abestekoa,
Erregeei garaipena emon deutsezuna,
Dabid, zure morroia, onik atara dozuna.
Aintza Aitari eta
Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jainkoak nahi dauan guztia egiten dau, alleluia.
Eg 2, 29-32
Senideok, zuen
baimenagaz garbi-garbi esan behar deutsuet: hil zan gure aita Dabid, eta
hobiratua izan zan, eta haren hilobia geure artean dago gaurdaino. Baina
profeta zan, eta baekian Jainkoak zin eginez agindua eutsola bere odoleko bat
jesarriko zala haren aurkian. Eta «haren bizia ez ebala Lezara jaurtiko, ezta
haren haragia ere ustelak hartzen itziko» esan ebanean, Kristoren biztuereaz
ziharduan, aldez aurretik ikusita. Jesus hori biztu egin dau Jainkoak; geu
danok gera horren testigu.
R/. Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia.
Biztu da.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana.
Alleluia.
Aintza Aitari. Biztu da.
Bened. ant. Aitaren izenean betetzen
ditudan egintzek, horreexek egiten deuste autormen, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Aitaren izenean betetzen ditudan egintzek, horreexek egiten deuste autormen, alleluia.
Eskariak
Esker onez egin deiogun otoitz Jainkoari, munduko pekatua kentzen dauan Bildots errubako Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, eta esan deiogun:
Biziaren iturburu, bizkortu gaizuz.
—Biziaren iturburu zaran Jainko, ikusi zure Bildotsaren heriotza eta biztuera, * eta entzun eizu, gure alde atergabe diharduan otoitza.
—Egizu, Jauna, maltzurkeria eta gaiztakeriazko orantza zaharra baztartu ondoren, * zerbi zaiguzala Zu, Kristoren garbitasunezko eta zintzotasunezko ogi-hilekin.
—Iguzu, bota daigula gaur hasarre eta bekaizkeria guztia, * eta hobeto ikusi daiguzala senideen beharrak.
—Sartu eizu gure artean Ebanjelioaren sena, * gaur eta beti, zure aginduen bideetan ibili gaitezan.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko ahalguztiduna, iguzu, Kristo berbiztuaren jaiak ospatzen doguzanoi salbatuak garala jakiteak poz betea emon deigula. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta
Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren
bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.