GORESPENAK
Agurra
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza
Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Alleluia.
1 Ant. Egarri dana betor, eta hartu
bei hutsean biziaren ura, alleluia.
62 Salmoa
Jainko, neure Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zeure egarriz daukat gogoa,
zeure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, ur barik dirudi.
Egona nozu Zuri begira jauretxean,
zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
ezpanok zure goralpena egingo dabe.
Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
jasoko ditut eskuok zure izenean.
Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.
Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
Zeu gogoratzen zaitut gauean.
Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure eskoiak eutsita nago.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Egarri dana betor, eta hartu bei hutsean biziaren ura, alleluia.
2 Ant. Ahuspez eiozue agur Jaunari, zeru-lurrak, itsasoa eta iturriak egin dauzanari, alleluia.
Kantika: Dn 3, 57-88. 56
Jaunak egindako guztiak,
bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.
Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.
Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.
Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
Ant. Ahuspez eiozue agur Jaunari, zeru-lurrak, itsasoa eta iturriak egin dauzanari, alleluia.
3 Ant. Zintzoek oihu dagie pozez, alleluia.
149 Salmoa
Kanta Jaunari kantu barri,
haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
Poztu bedi Israel bere Egileagan,
alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.
Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
Maite dau-ta Jaunak bere herria,
umilak ditu garaipenez jantziak.
Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;
atzerriengandik mendekua hartu daien,
herriak zigortu daiezan;
hareen erregeak lotu daiezan katez,
hareen handikiak, burdin-uztaiez.
Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zintzoek oihu dagie pozez, alleluia.
Hirugarren egunean Jaungoikoak biztu egin eban Jesus, eta agertzea emon eutson; baina ez herri guztiari, Jaunak lehendik aukeratutako testiguei baino: geuri, Ha hilen artetik biztu ondoren, Haregaz jan eta edan genduanoi. Eta agindu euskun, herriari irakatsi gengiola eta autortu, Bera dala Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini dauana. Profeta guztiek egiten deutsoe autormen: Harengan sinisten daben guztiek, hartzen dabela, Beraren izenean, pekatuen parkamena.
R/. Kristo,
Jainko biziaren Seme, erruki zakiguz. * Alleluia, alleluia. Kristo.
V/. Hilen artetik biztu zaran Hori.
Alleluia, alleluia.
Aintza Aitari. Kristo.
Bened. ant.
A urtean: Ni ikusten nauanak, Aita ere ikusten dau —dino Jaunak—, alleluia.
B urtean: Nigan dagoanak eta Ni harengan, frutu asko emoten dau —dino Jaunak—, alleluia.
C urtean: Honexetan ezagutuko dabe guztiek, nire ikasleak zariela: alkar maite badozue, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo
Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda
bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure
gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu
atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai
errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant.
A urtean: Ni ikusten nauanak, Aita ere ikusten dau —dino Jaunak—,
alleluia.
B urtean: Nigan dagoanak eta Ni harengan, frutu asko emoten dau —dino Jaunak—, alleluia.
C urtean: Honexetan ezagutuko dabe guztiek, nire ikasleak zariela: alkar maite badozue, alleluia.
Eskariak
Egin deiogun otoitz biziaren iturri dan Kristori, Jainkoak hilen artetik biztu ebanari, eta gu bere indarrez biztuko gaituanari, eta esan deiogun:
Kristo, gure bizia, salbau gaizuz.
—Kristo, ilunpeak argitzen dozuzan biziaren iturri eta hilkorren santutzaile, * egizu, egun hau zeure gorespenerako eroan daigula.
—Nekaldia eta gurutzea jasan dozuzan Jesus Jauna, * egizu, oinazetan eta heriotzan zeure antzeko izanik, biztueran ere Zeugaz bat izan gaitezala.
—Aitaren Seme, gure Maisu eta gure anaia, Jainkoarentzat erreinu eta abade egin gaituzu: * iguzu, gorespen-opari hau alaitasunean eskeini deizugula.
—Errege aintzaz betea, zure agerkunde-egun bikainaren zain gagoz, * zure aurpegia noiz ikusiko, eta zure antzeko noiz izango.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko Jauna, Zeuk gaituzu salbatzen eta zeure
seme-alabatzat hartzen; ikusi begi onez hain maite dozuzan zure seme-alabak, eta
Kristogan sinisten dogunoi, emoiguzu egiazko askatasuna eta betiko bizia. Zure
Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin
batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta
Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.