lunes, 17 de febrero de 2025

Kristoren Gorputz-Odol Santuak

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia!

Goratzarrea

Kanta, Gorputz santuaren
misterio haundia,
eta Odol santuaren
indar salbagarria,
gizonok salba gaitezen
Jainkoak isuria.

Birjina ta ama denak
gugana ekarria,
mundu hontan zabaldu du
bere hitzen hazia,
eta utzi, azkenean,
sakramentu haundia.

Azken-gauez lagunekin
afaltzen zela ari,
Pazko-otordua jan zuten
jarraituz legeari;
gero Bera eskaini zen
Hamabien janari.

Hitzak hitzez bere Gorputz
bihurtzen du ogia,
eta ardoa bere Odol.
Horra hor miraria!
Dudaldian fedea da
bihotzaren argia.

Sinismen-Sakramentua
gurtu dezagun ahuspez
Kristo da opari berri,
bere Gorputz-Odolez.
Begiz ikusten ez dena,
ikus dezagun fedez.

Aintza, onespen, poz-kantu
Aitari, Semeari;
indar, ospe ta gorespen
biengandik denari,
hasieran, orain eta
betierean beti. Amen.

 

1 Ant. Aingeru-janariz janaritu zenduan zure erria, eta zeruko ogia emon zeuntsan, alleluia.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Aingeru-janariz janaritu zenduan zure erria, eta zeruko ogia emon zeuntsan, alleluia.

 

2. Ant. Abade santuek intzentsua eta ogia eskeintzen deutsoez Jainkoari, alleluia.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Abade santuek intzentsua eta ogia eskeintzen deutsoez Jainkoari, alleluia.

 

3. Ant. Mana ezkutu bat emongo deutsat garaile urtetzen dauanari, eta izen barria, alleluia.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Mana ezkutu bat emongo deutsat garaile urtetzen dauanari, eta izen barria, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

Ml 1, 11

      Eguzkia sortzen dan aldetik sartzen dan alderaino, handia da nire izena atzerrien artean. Leku guztietan intzentsu-opariak eta eskeintza garbiak eskeiniko deutsoez nire izenari, handia da-ta nire izena atzerrien artean —dino diran guztien Jaunak—.

R/.  Atara eizu lurretik ogia. * Alleluia, alleluia. Atara.
V/.  Giza-bihotzarentzat ardau alaigarria. Alleluia.
        Aintza Aitari. Atara.


Bened. ant. Neu naz ogi bizia zerutik jatsia. Ogi honetatik jaten dauana, betiko bizi izango da, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Neu naz ogi bizia zerutik jatsia. Ogi honetatik jaten dauana, betiko bizi izango da, alleluia.

 

Eskariak

      Senideok, egin deiogun otoitz, ogi bizia dan Jesu Kristori, alaitsu esanez:

Zorionekoa, Jauna, zure erreinuan ogia jango dauana.

      —Kristo, itun berri eta betikoaren abadea, kurutzean opari ezin-hobea eskeini zeuntsan Aitari: * erakutsi eiguzu, opari bera Zeugaz eskeintzen.

      —Errege handi, Zuk ogi-ardauak sagaratu zenduzan zure eskeintza adierazoteko: * bat egizuz zure gorputzean, ogi beraz janaritzen dituzunak.

      —Kristo, zerutik jaitsitako mana, zure gorputz-odolaz janaritzen dozu Eleizea: * iguzu, janari honen indarrez ibili gaitezala.

      —Kristo, ikusten ez zaitugun gure otorduko mahaikide, atarian zagozana eta ate-joka diharduzuna, * zatoz gugana, eta jan daigun alkarregaz.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

         Jesu Kristo gure Jauna, sakramentu harrigarri honetan Zure nekaldiaren oroigarria itzi deuskuzu; iguzu, arren, zure Gorputz-Odolen misterioa begirune osoz goretsi daigula, Zure erospenaren ondorenak gugan sumatu daiguzan beti. Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi zara-ta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...