GORESPENAK
V/. Zatozkit lagun,
ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari
eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Alleluia.
1 Ant. Nire hitzak espiritu eta bizi dira, alleluia.
118 Salmoa
Entzun naizu, Jauna: oihuka
dihardut bihotz guztiaz,
beteko ditut Zuk jarriak.
Oihuka nagotzu, salbau naizu,
Zuk iragarriak gordeko ditut.
Egunsentirako banator zure
laguntza eskatzera,
zure hitzetan dot itxaropidea.
Gau-aldiei aurrea hartu deutse nire
begiak,
zure esanak gogoan irauliz.
Entzun, Jauna, zure
onginahiez nire oihua,
emoidazu bizia zure erabagien
arabera.
Gaiztoz eraso nabenak hurrean dira,
zure legetik urrun dira.
Hur zaukadaz, Jauna,
leial dira zure agindu danak.
Aspaldi da, Zuk iragarriei igarri
deutsedana,
Zuk betiko jarriak dirana.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Nire hitzak espiritu eta bizi dira, alleluia.
2 Ant. Jauretxe bat eta altara bat jaso dozuz, Jauna, zure bizileku santuan, alleluia.
Kantika: Jak 9, 1-6. 9-11
Arbasoen Jainko eta Jaun
errukitsu,
diran guztiak zeure hitzez eginak
dituzu;
zeure jakituriaz egin zendun gizakia,
zure sorkari guztien nagusi izango
zana;
zintzo eta zuzen lurbirea antolatu
eian,
bihotz leialez auziak erabagi eizan.
Emoidazu, Zurekin zure
aurkian dagoan jakituria,
eta ez ni baztertu zure seme-alaben
artetik.
Zure zerbitzari nozu, eta zure
neskamearen seme(-alaba),
bizi laburreko gizon(-emakume) ahula,
auziak eta legeak ulertzeko makala.
Gizakirik bikainena ere ezer
ez da-ta,
Zugandiko jakituriarik harengan ez
bada.
Zeugaz dozu
zure egintzak ezagutzen dauzan
jakituria,
Zuk, mundua egitean, bertan zana;
harek badaki zure begiei atsegin
jakena,
zer dan zuzena zure aginduen arabera.
Bialdu eidazu zeru santu
horretatik,
helduazo eidazu zure aintzaren
aurkitik;
neugaz izanik, neugaz jardun daian
lanean,
eta ikusi daidan Zuri zer jatzun
atsegin.
Harek dana daki, eta dana
ulertzen dau:
nire egitekoetan zentzunez nau
gidatuko,
eta bere aintzaz babestuko.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jauretxe bat eta altara bat jaso dozuz, Jauna, zure bizileku santuan, alleluia.
3 Ant. Neu naz bidea, egia eta bizia, alleluia.
116 Salmoa
Goretsi eizue Jauna, atzerri
guztiak,
goraldu eizue, herri guztiak.
Sendotu dau-ta guregan bere
maitasuna,
eta beti-betiko dago Haren
leialtasuna.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Neu naz bidea, egia eta bizia, alleluia.
Erm 14, 7-9
Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hiltzen ere. Bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gera hiltzen. Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gara. Horretarako hil eta biztu zan Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko.
R/. Biztu da Jauna hilobitik. *
Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana.
Alleluia.
Aintza Aitari. Biztu da.
Bened. ant. Simon Pedrok erantzun eutson: Jauna, norengana joango gara? Zeuk daukazuz betiko biziaren hitzak. Sinisten dogu guk eta badakigu, Zeu zarala Jaungoikoaren Santua, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo
Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda
bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure
gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu
atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai
errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Simon Pedrok erantzun eutson: Jauna, norengana joango gara? Zeuk daukazuz betiko biziaren hitzak. Sinisten dogu guk eta badakigu, Zeu zarala Jaungoikoaren Santua, alleluia.
Eskariak
Egin deiogun otoitz biziaren ogia dan Kristori, Berak biztuko ditu-ta azken-egunean, bere hitzaren eta gorputzaren mahaitik jaten dabenak, eta esan deiogun:
Emoiguzu, Jauna, bakea ta alaitasuna.
—Jainkoaren Seme, hilen artetik bizturik, biziaren nagusia zaran Horrek, * bedeinkatu gaizuz eta santu egin, gu eta gure senideak.
—Zugan sinisten dabenei, bakea eta poza emoten deutsezu: * emoiguzu argi-seme-alaba lez ibiltzea, eta zure garaipenaz poztutzea.
—Ugaritu eizu, munduan bizi dan zure Eleizearen sinismena, * zure biztuerearen autormen jatorra emon deion munduari.
—Neke handiak eroan ondoren, Aitaren aintzan sartu zaran Horrek, * bihurtu eizu poz-aldi atsekabetuen negarra.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko Jauna, Bateo-iturrian bizi-barritu dozuz Zugan sinisten dabenak; zaindu eizuz Kristogan jaio diranak, txarkeriaren tentaldiak garaitu daiezan, eta Zuk emondako dohaietan leial iraun daien. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta
Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.