domingo, 16 de febrero de 2025

Zazpigarren Martitzena

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.


Goratzarrea

 

1 Ant. Zeuk biztutzen gaituzu barriro, Jauna, eta herria zeugan poztutzen da, alleluia.

84 Salmoa

Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara,
      on bihurtu dozu Jakoben zoria.
      Parkatu deutsazu zure herriari gaiztakeria,
      estaldu deutsazuz hoben guztiak.
      Emon deutsazu galga zure sumin handiari.
      atzera eragin deutsazu zure hasarre-minari.

Birbiztu gaizuz, Jainko gure salbatzailea,
      itzi eizu gugana daukazun hasarrea.
      Gurekin betiko hasarratu zara, ala?
      Zabalduko dozu hasarre hori gizaldi guztietara?

Ez gaituzu barriro biztuko, ala?
      Ez da zure herria Zugan poztuko?
      Jauna, zure onginahia erakutsi eiguzu,
      zure salbamena emoiguzu.

Entzungo dot Jainko Jaunak dinoan hitza:
      «Bakezkoa da Jainkoaren hitza,
      bere herri eta bere zintzoentzat,
      bihotzez Harengana bihurtuentzat».

Hurrean jake Haren bildur diranei salbamena:
      gure lurrean Haren aintza bizi izango da.
      Onginahiak eta leialtasunak alkarren bidera urtengo dabe,
      zuzentasuna ta bakea laztanka bizi izango dira.

Lurretik erneko da leialtasuna,
      zerutik begira egongo zuzentasuna.
      Jainkoak on dana emongo dau,
      gure lurrak bere uzta ekarriko dau.

Zuzentasuna ibiliko da Haren aurrean,
      eta salbamena Haren urratsen bidean.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zeuk biztutzen gaituzu barriro, Jauna, eta herria zeugan poztutzen da, alleluia.

 

2 Ant. Itxaron dogu Jaunagan; Berak emongo deuskuz argia eta bakea, alleluia.

Kantika: Is 26, 1-4. 7-9. 12

Bai sendo gure uria!
      Harresi eta harresi-aurreko babes jarri deutsoz.
      Zabaldu eizuez ateak,
      sartu dadin herri zintzo eta leiala.
      Sendo dauka bihotza eta zaintzen dau bakea,
      Zeugan dau-ta itxaropidea.

Itxaron beti Jaunagan,
      Jauna da-ta Harkatx menderen mendeetan.

Zintzoaren bidea zuzena da,
      Zeuk zelaitzen dozu zintzoaren bidezidorra.
      Zure epaien bidean, Jauna, zain gaituzu,
      zure izenaren eta oroipenaren egarri gara.

Nire bihotza zure egarri da gauean,
      nire gogoa zure bila dabil goizean,
      zeure epaiek argitzen dabe-ta lurra,
      eta zuzentasuna ikasten, lur osoan bizi diranek.

Jauna, Zeuk emongo deuskuzu bakea,
      gure egite guztiak Zeuk eginak dira-ta.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Itxaron dogu Jaunagan; Berak emongo deuskuz argia eta bakea, alleluia.

 

3 Ant.  Lurrak bere uzta emon dau: poztu beitez kantari atzerriak, alleluia.

66 Salmoa

Erruki bekigu, Jainkoa, bedeinkatu gaizala,
      agertu deigula aurpegi alaia;
      ezagutu daien lurrean zure bidea,
      herri guztietan Zugandiko salbamena.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
      ospatu zaiezala herri guztiek.

Poztu beitez kantari atzerriak,
      zuzenbidez daroazu-ta izadia;
zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
      eta zaintzen lurrean atzerriak.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
      ospatu zaiezala herri guztiek.

Lurrak bere uzta emon dau,
      Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
      Jainkoak bedeinkatu gaizala,
      lur bazter guztiek bildur deutsoela.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Lurrak bere uzta emon dau: poztu beitez kantari atzerriak, alleluia.

 

Jainkoaren Hitza

1 Jn 4, 14-15

    Gauza guztietan hartu eizue sinismena babesgarri, hantxe itzaliko dira arerioaren suzko azkon guztiak. Hartu eizue burukotzat, Salbamena, eta ezpatatzat, Espirituarena; hau da: Jainkoaren hitza; orduero otoitz eta eskariak eginez Espirituaren laguntzagaz.

 

R/. Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, Alleluia. Biztu.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
      Aintza Aitari. Biztu.

 

Bend. ant. Biztu da Jauna hilen artetik, Berak esan eban lez; poztu gaitezan eta alaitu, errege izaten hasia da-ta betiko, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Biztu da Jauna hilen artetik, Berak esan eban lez; poztu gaitezan eta alaitu, errege izaten hasia da-ta betiko, alleluia.


Eskariak

      Goratu daigun, Aitagandik Espiritu Santua bialduko euskula agindu eban Jesus Jauna, eta eskatu deiogun:

Kristo, entzun gaizuz.

      —Kristo Jauna, bizi bedi gugan oparo zure hitza, * eresiz, goratzarrez eta goi-abestiz eskerrak emon deizuguzan.

      —Espirituaren bidez, Jainko-seme-alaba egin gaituzun Horrek, * egizu, Espirituaren bidez, Zurekin Jainko Aitari otoitz egin deiogula etengabe.

      —Emoiguzu lanerako jakituria, * Jainkoaren aintzarako egin daigun dana.

      —Eroan handiko eta guztiz errukitsu zaran Jauna, * iguzu, gizaki guztiekaz bakea izan daigula.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

OTOITZA

      Jainko ahalguztidun errukiorra, iguzu, Espiritu Santuak, gugana etorriz eta gugan egonez, bere handitasunaren bizileku egin gaizala. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...