sábado, 8 de febrero de 2025

Hirugarren Eguena

GORESPENAK

 Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea


1 Ant. Hauxe abestuko dogu dantzari eragitean: Jerusalem, Jainko-uri, nire iturri guztiak Zeugan, alleluia.

86 Salmoa

Berak oinarritu dau mendi santuan:
    eta Jaunak Jakoben txabola guztiak baino
    maiteago ditu Siongo ateak.

Zutaz ospe handiz dihardue,
    Jainkoaren uria:
    «Egipto eta Babel nire gurtzaileetan lerrotuko ditut;
    hara, barriz, Tir eta Etiopi-herria:
    honeek danak bertan jaioak dira».

Sion hortaz hauxe esango da:
    «Gizakiz gizaki, danak dira bertan jaioak,
    eta Goi-goikoak Berak dau eregia».

Herrien liburuan idatziko dau Jaunak:
    «Honeek berton jaioak dira».
    Hauxe abestuko dabe dantzari eragitean:
    «Nire iturri guztiak Zeugan».

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Hauxe abestuko dogu dantzari eragitean: Jerusalem, Jainko-uri, nire iturri guztiak Zeugan, alleluia.

 

2 Ant. Artzainak lez batu dau bere artaldea, alleluia.

Kantika: Is 40, 10-17

Hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna,
    eta haren besoa nagusi da.
    Hara, Beragaz dakar saria,
    eta bere aurretik, irabazia.

Artzainak bere artaldea lez dau zaintzen,
    eta bere besoaz batzen.
    Bildotsak altzoan ditu hartzen,
    eta ardi-amak samurtasunez eroaten.

Nork esku-beteka neurtu itsasoa,
    eta arraka mugatu zerua?
    Nork lauren-erdika lurreko hautsa hartu?
    Nork mendiak pisuan, eta menditxoak aztailuan pisatu?

Jaunaren arnasea nork neurtuko?
    Nor aholkulari, Hari erakusteko?
    Nori galdetu deutso,
    bide zuzena irakatsi eta ulertuazo deion,
    jakintza irakatsi eta bide zuhurra argitu deion?

Hara, herriak laino-izpi dira, pisu-ganeko errauts;
    ugarteak pikortxo bat baizen astun
    Libano osoa ez da nahikoa sutarako;
    ez dau nahikoa abere erre-oparitarako.

Herriak ez dira ezer Haren aurrean:
    ezer ez eta huts Haren begietan.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Artzainak lez batu dau bere artaldea, alleluia.

 

3 Ant.  Jainkoa Sionen handi, herri guztien ganetik garai, alleluia.

98 Salmoa

Errege da Jauna: herriak, dar-dar;
    Kerubin-ganean jesarrita dago: lurra, dardarka.

Jainkoa Sionen handi,
    herri guztien ganetik garai.

Ospatu beie zure izen handi eta ikaragarria:
    «Santua da-ta».

Zuzena maite dozun Errege ahaltsu:
    zuzenbidea Zeuk ezarri dozu,
    bidezko eta zuzena Jakobenean Zeuk ezarri dituzu.

Goratu eizue Jauna, gure Jainkoa,
    ahuspeztu zaiteze Haren oin-aurki aurrean:
    «Santua da-ta».

Moises eta Aaron egozan Haren abadeen artean,
    eta Haren izena deitzen ebenakaz Samuel,
    dei egiten eutsoen eta Harek entzun egiten eutsen.

Laino-adarretik egiten eutsen berba,
    Haren aginduak gordetzen ebezan,
    Harek emondako irakaskizuna betetzen eben.

Entzun zenduzan, Jauna, gure Jainkoa,
    jainko errukitsu agertzen zintxakezan,
    baina gaiztakerien ordaina ere emoten zeuntsen.

Goratu eizue Jauna, gure Jainkoa,
    ahuspeztu zaiteze Haren mendi santuaren aurrean:
    «Santua da-ta Jauna, gure Jainkoa».

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

3 Ant.  Jainkoa Sionen handi, herri guztien ganetik garai, alleluia. 

 

Jainkoaren Hitza

Err 8, 10-11

     Kristo zuengan badago, gorputza hilda dago, bai, pekatuagatik; baina espiritua bizirik dago zuzentasunagatik, Jesus hilen artetik biztu ebanaren Espiritua zuengan bizi bada, Jesus hilen artetik biztu ebanak, biziazoko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi dan bere Espirituaren bitartez.


R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.

 

Bened. ant.  Benetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak, badau betiko bizia, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Benetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak, badau betiko bizia, alleluia.


Eskariak

     Goretsi daigun Kristo, berbiztua eta beti Eleizeagaz dagoana, eta egin deiogun otoitz:

Egon zaitez geugaz, Jauna.

     —Jesus Jauna, pekatuaren eta heriotzearen garaile, * gizaldien-gizaldietan bizi zarana, egon zaitez geure artean.

     —Erdu gugana zure indar garaitu-ezin horregaz, * eta agertu guri Jainkoaren bihotz ona.

     —Lagundu eiozu alkar ezin-ikusian dagoan munduari, * Zeuk baino ez dakizu-ta bihotzak barritzen eta alkartzen.

     —Sendotu gaizuz azken-garaipenaren itxaropidean, * eta bizkortu zure etorrerako uste onean.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Jainko ahalguztidun betiraunekoa, Pazko-sasoi honetan zure bihotz ona argiago eta sakonago agertu deuskuzu; egizu, guzurraren ilunpetatik atara gaituzunok zintzoago lotu gakiozala zure egiari. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...