lunes, 10 de febrero de 2025

Jaunaren Igokundea

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.
 

Goratzarrea

1 Ant. Galilearrok, zertan zagoze hor, zerura begira! Zuek itzi eta zerura igon dauan Jesus hori, barriz etorriko da, joaten ikusi dozuen lez, alleluia.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Galilearrok, zertan zagoze hor, zerura begira! Zuek itzi eta zerura igon dauan Jesus hori, barriz etorriko da, joaten ikusi dozuen lez, alleluia.

 

2 Ant. Goretsi eizue erregeen Erregea, eiozue goratzarre Jainkoari, alleluia.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
 

Ant. Goretsi eizue erregeen Erregea, eiozue goratzarre Jainkoari, alleluia.


3 Ant.  Hareek begira egozala, igon egin eban, eta hodei batek gorde eutsen begien aurretik, alleluia.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Hareek begira egozala, igon egin eban, eta hodei batek gorde eutsen begien aurretik, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

Eb 10, 12-14

     Kristo, pekatuakaitik opari bakar bat eskeini eta gero, Jainkoaren eskoi-aldean jarri zan behin betiko, eta itxaroten dago, «bere arerioak bere oinpeko euki daizan arte». Opari bakar baten bidez, santutasun betea ekarri deutse behin betiko, santu egindakoei.

R/.  Jesu Kristok gora igotean. * Alleluia, alleluia. Jesu Kristok.
V/.  Beragaz eroan ebazan bahituak askaturik.
Alleluia, alleluia.
        Aintza Aitari. Jesu Kristok.

Bened. ant.  Banoa nire Aitagana eta zuen Aitagana, nire Jainkoagana eta zuen Jainkoagana.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Banoa nire Aitagana eta zuen Aitagana, nire Jainkoagana eta zuen Jainkoagana.


Eskariak

     Lurretik jasoa izanik gauza guztiak Bereganatzen dauzan Jaunari, alaitasunez esan deiogun:

Zeu zeruko Errege, Kristo.

     —Jesu Kristo, Errege handi, pekatuakaitik behin betiko opari eskeinia, eta gaur garaile, Aitaren eskoi-aldera igon dozuna, * eroan eizuz zure santuak  salbazino betera.

     —Itun barriaren betiko abade, beti gure alde otoitz egiteko, Aitaren eskoi-aldean zaituguna, * salbau eizu, zuri otoizka diharduan herria.

     —Hilen artetik biztu eta berrogei egunez ikasleei bizirik agertu zintzakezan Horrek, * sendotu eizu gaur gure sinismena.

     —Espiritu Santua agindu zeuntsen gaurko egunez Apostoluei, zure autorle eta lekuko izan eitezan lurraren azken-mugetaraino, * egin gaizuz geu ere Espiritu horren indarrez zure autorle eta leluko.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

     Jainko ahalguztiduna, zure Seme Jesu Kristoren zerura igotea garaipen gertatu da guretzat, eta Haren gorputzeko garanok badogu itxaropen, gure buru danak jadetsi dauan bizia jadetsiko dogula geuk ere; iguzu, misterio honek pozez eta esker onez bete gaitzala. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...