sábado, 8 de febrero de 2025

Laugarren Astelehena

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia. 

Goratzarrea


1 Ant.
 Geugana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, ontasuna, alleluia.

89 Salmoa

Jauna, gure igesleku Zeu izan zara,
     gizalditik gizaldira.

Mendiak erne baino lehen,
     lurbirea sortu baino lehenago,
     bazara Zu Jainko,
     betirik eta betiko.

Hauts bihurtuazoten dozuz gizakiak, hauxe esanez:
     «Bihurtu zaiteze gizaseme-alabok».
     Zure begientzat mila urte,
     atzo igaro zan eguna haina,
     gau-txanda bat haina.

Amets gauzatzen dira Zuk eroatean,
     goizeko bedar eze antzean:
     goizean ezerik da garatzen,
     arratsaldean zimeltzen da eta igartzen.

Zure hasarreaz lur jota dagoz-eta,
     zure suminaz, izuturik.
     Begi-aurrean ipini dituzu gure pekatuak,
     zure aurpegiaren argitan gure txarkeria ezkutuak.

Gure egun guztiak
     zure hasarretan igaro jakuz,
     gure urteak intziri baten amaitu jakuz.

Gure egun guztiak hirurogei ta hamar urte,
     bizkor izanean, laurogei urte,
     eta gehienak neke ta huskeria,
     berehala doaz-eta,  gu hegaz goaz.

Nork ezagutu dau zure hasarrearen indarra?
     nork zure sumina, zor jatzun ikaraz?

Gure egunak bat-banatzen erakutsi eiguzu,
     bihurtu dakigula bihotz hau zuhur.
     Bihurtu zakiguz, Jauna; noiz arte?
     Jarri zaitez zure morroien alde.

Zure maitasunaz asetu gaizuz goizean,
     gure egun guztietan
     poztu eta alaitu gaitezan.

Poztu gaizuz, goibeldu gaituzun egunen ordez
     ikusi doguzan gatx-urteen ordez.

Zure lana agertu bedi zure morroiengan,
     eta zure aintza zure seme-alabengan.

Geugana bedi Jaunaren,
     gure Jainkoaren ontasuna,
     gure esku-lanean lagundu gaizuz,
     eta gure eskuen lana lagundu eizu!

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Geugana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, ontasuna, alleluia.

 

2 Ant. Argi bihurtuko deutset iluna, alleluia.

Kantika: Is 42, 10-16

Kanta Jaunari kantu barri,
     Haren gorespena lurraren bazterreraino heldu bedi.
     Ekin orroka itsaso eta itsas-barren,
     ugarte eta hango biztanle.

Alaitu bediz basamortu eta hango uriak
     Kedar-zelaietan bizi diranak.
     Petratarrak, oihuka ekin,
     mendi-ganean irrintzi egin.
     Jaunaren aintza abestu beie,
     ugarteetan emon beioe ospe.

Badoa Jauna indartsu bat lez,
     sutan doa gudari bat lez.
     Irrintzia bota oihu-oihuka
     eta badoa ausarta etsaiaren aurka.

Isilik egon naz aspaldi honetan,
     berba barik dot dana jasan.
     Umegina lez dihardut garrasika,
     ito-zorian arnas-estuka.

Idortuko ditut mendi eta mendixkak,
     igartuko bedarrak,
     lehortuko ditut ibaiak,
     txukatuko aintzirak.

Gidatuko ditut itsuak bide harrotzetan,
     eta eroango bidezidor ez-ezagunetan.
     Argi bihurtuko deutset iluna,
     eta zelai, malkarrak.

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta maibako egunetan. Amen.

Ant. Argi bihurtuko deutset iluna, alleluia.

 

3 Ant.  Nahi dauan guztia egin dau Jaunak, alleluia.

134a Salmoa

Goretsi eizue Jaunaren izena,
     goretsi ha, Jaunaren mirabeak.
     Jaunaren etxean zagozenok,
     Jaunaren, gure Jainkoaren, atarietan zagozenok.

Goretsi eizue Jauna ona dalako,
     eresi eiozue Haren izenari gozoa dalako.
     Jakob hautatu dau-ta Jaunak beretzat,
     Israel bere ondaretzat.

Badakit handi dana Jauna,
     jainko guztien aldean nagusi gure Jauna.
     Nahi dauan guztia egin dau Jaunak zeru-lurretan,
     itsasoan eta ur-sakon guztietan.

Hodeiak lurraren bazterretatik ekartzen dauz,
     tximistez euria ekartzen dau,
     haizea bere txokoetatik ataratzen dau.

Jo ditu Egiptoko lehen seme-alabak,
     gizaki eta abereak.
     Mirari eta ikusgarriak egin ditu, Egipto, zure erdian,
     Faraonen eta haren morroi guztien kaltetan.

Atzerri ugari jo ditu, errege bizkorrak hil ditu:
     Sijon, amortarrena, eta Og, basandarrena,
     Kanaango errege danak.
     Hareen lurra emon deutso ondaretzat,
     bere herri Israeli ondaretzat.

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Nahi dauan guztia egin dau Jaunak, alleluia.


Jainkoaren hitza

 Eg 2, 22-24

    Entzun eta jarri erne zuen belarriak nire hitzetara: Nazareteko Jesusi buruz dihardut; Jainkoak sinisgarri egin eutsuen gizon hori; Haren bidez egin ebazan-eta, zuek dakizuen miragarriak, harrigarriak eta ezaugarriak. Jainkoak erabagia eta aurrez jakina eukan lez, zuen eskuetara emona izan zan gizon hau, eta zuek hil egin zenduen, jentilen eskuz kurutzean josiz: baina Jainkoak biztu egin eban, heriotzaren lokarriak askaturik. Ha ezin eitekean-eta heriotzearen menpean egon.

 

R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.

 

Bened. ant. Neu naz artzain ona; larratzen ditut nire ardiak, eta neure bizia emoten dot Nik ardiakaitik, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Neu naz artzain ona; larratzen ditut nire ardiak, eta neure bizia emoten dot Nik ardiakaitik, alleluia.


Eskariak

     Egin deiogun otoitz bere Semearen heriotzaz eta biztueraz goraldua izan dan Jainko Aitari, eta uste osoz eskatu deiogun:

Argitu eizuz, Jauna, gure adimenak.

     —Argi guztien iturburu zaran Jainko, Kristoren biztuera ospetsuaz mundua argitu zenduan; * argitu eizuz gaur gure adimenak, sinismen biziaren distiraz.

     —Zure Semearen biztuereaz, betiko bizitzarako ateak zabaldu zeunskuzan gizon-emakumeoi; * gaurko gure lanen bitartez, emoiguzu betiko zorionaren itxaropenean sendotzea.

     —Biztutako zure Semearen bitartez, Espiritu Santua bialdu zeuntsan munduari; * biztu eizu gure bihotzetan maitasun-sua.

     —Gu askatzeagaitik, kurutzetik zintzilik egon zinan Jesu Kristo, * izan zaitez gaur gure salbamen eta erospen.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Jainko Jauna, zure Semea beheratuz jaso egin dozu jausita egoan mundua; emon zure fededunei egiazko poza, eta egizu, pekatuaren buztarpetik askatu dozuzanek betirauneko zoriona izan daiela. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.


Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...