domingo, 9 de febrero de 2025

Laugarren Barikua

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea


1 Ant. 
Kristok bere burua geuretzat emon eban, eskeintza-gai eta opari lez, alleluia.

50 Salmoa

Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
      suntsitu eizu nire makurra zure amaigabeko errukiaz.
      Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
      ikuzi naizu nire gaiztakeriatik.

Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
      nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
      Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
      zure begietan oker dana egin dot nik.

Zuzen agertuko zara auzian,
      zintzo zure epaian.
      Hobendun sortua naz izan ere,
      pekatuan ninduan amak erne.

Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
      bihotz-munean zuhurtasuna irakasten deustazu.
      Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko naz,
      ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago geldituko naz.

Entzunazo poza ta atsegina niri;
      xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
      Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu eizu,
      nire makurkeria guztiak suntsitu eizuz.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
      arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
      Ez naizu urrundu zure aurretik,
      zure arnasa santua ez kendu niri.

Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
      zure arnasa zabalez sendotu naizu.
      Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
      Zeugana bihurtuko dira pekatariak.

Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
      Jainko, ene salbatzaile;
      eta nire ezpanek zure zuzentasuna
      pozetan zabalduko dabe.

Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
      eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
      Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
      erre-opariak ez zeunkez hartuko, nik emonik.

Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
      ez dozu arbuiatuko, Jainko,
      bihotz damutu eta umildua.

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
      Jerusalemgo harresiak egin eizuz barri.
      Orduan onartuko dozuz
      legezko opari, emari eta erre-opariak;
      orduan izango dira zekorrak zure altaran eskeiniak.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Kristok bere burua geuretzat emon eban, eskeintza-gai eta opari lez, alleluia.

 

2 Ant. Jerusalem, Jainkoaren uri, zafir-harriz eta esmeraldaz egingo dozu argi, alleluia.

Kantika: Tob 13, 10-15. 17-19

Bedeinkatu eizue Jauna, Haren aukeratuak,
     abestu Jerusalemen Haren goralpenak.

Jerusalem, Jainkoaren uri,
     zigortu zaitu Jaunak zure seme-alaben eginakaitik,
     baina herri zintzoarentzat izango dau barriro erruki.

Goretsi eizue Jauna, dagokionez,
     eta bedeinkatu gizaldietako erregea,
     barriz ere pozez, zeugan eregi dadin Haren jauretxea;
     atxilotu guztiak zeugan alaitu daizan,
     dohakabe guztiak, gizaldiz gizaldi, zeugan maitatu daizan.

Argi bizi batek argituko ditu lurreko bazter guztiak;
     herri asko etorriko jatzuz urrundik;
     lurreko bazter guztietatik etorriko dira
     zure izen santuaren bizilekura,
     zeruko erregeari esku-erakutsiak ekartzera.

Gizaldiz gizaldi pozetan egongo dira zugan,
     uri hautatuaren izenak iraungo dau betieran.

Poztu eta alaitu zaitez zintzoen seme-alabakaitik,
     danak batuko dira-ta zeugan,
     eta bedeinkatuko dabe gizaldien Jauna.

Dohatsu, zu maitatzen zaituenak,
     dohatsu, zure bakeaz poztutzen diranak.

Ene arima, bedeinkatu eizu Jauna, errege handia,
     Jerusalem berreregia izango da-ta,
     gizaldi guztietarako Haren bizilekua.

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jerusalem, Jainkoaren uri, zafir-harriz eta esmeraldaz egingo dozu argi, alleluia.

 

3 Ant.  Jerusalem barria ikusi neban zerutik jaisten, alleluia.

147 Salmoa

Jerusalem, ospatu eizu Jauna,
     Sion, goretsi eizu zure Jainkoa.
     Zure ateen sarrailak indartu ditu-ta,
     zure seme-alabak zeure barruan bedeinkatu ditu.
     Zure mugetan bakea ezarri dau-ta,
     gari-maminez asetu zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere berbaldia,
     eta Haren berbea bizkor eta arin doa.
     Emoten dau edurra artulea lez,
     zabaltzen dau aintziarra hautsa lez.

Ogi-apurraren antzera jaurtitzen dau bere izotza:
     Nork jasan daike haren hotza?
     Bialtzen dau bere hitza, eta harekin urtu egiten dira,
     bere haizeari eraginez urak isurika doaz.

Iragarri deutso bere hitza Jakobi,
     bere erabagi eta aginduak Israeli.
     Ez deutso egin holakorik beste herriri,
     bere aginduak ez deutsoz agertu beste inori.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jerusalem barria ikusi neban zerutik jaisten, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

Eg 13, 36-39

     Gure gurasoei egindako agintzaria Jainkoak geuri, seme-alaboi, bete deusku; biztu egin dau-ta Jesus. Jainkoak hilen artetik biztu dauala, ustelak gehiago har ez daian, Liburu Santuan eben esana: Emongo deutsuedaz, Dabidi agindu neutsazan grazia iraunkorrak. Horregatik beste nonbait esaten dau: Ez dozu zure zintzoa ustelak hartzen itziko.

R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da. 
 

Bened. ant.  Zuentzat tokia eratzera noa; etorriko naz barriro eta Neugaz hartuko zaituet, Ni nagoan toki beratan egon zaitezten zuek ere, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zuentzat tokia eratzera noa; etorriko naz barriro eta Neugaz hartuko zaituet, Ni nagoan toki beratan egon zaitezten zuek ere, alleluia.


Eskariak

     Egin deiogun otoitz Jainko Aitari, Espirituaren bitartez Kristo biztu ebanari eta gure gorputz hilkorrak biziazoko dauzanari, eta hotsegin deiogun:

Zuzpertu gaizuz, Jauna, zeure Espiritu Santuaz

     —Aita guztiz santu, zure Semea hilen artetik biztuz, Aren heriotz-oparia ontzat hartu zenduala erakutsi zeunskun: * hartu eizu gaurko egun honen oparia, eta eroan gaizuz betiko bizitzara.

     —Ikusi begi onez gure egun honetako lanak, * zure aintzarako izan daitezan eta guztien santutasunerako.

     —Gure egun honetako lana, mundu barri bat egiteko izan dadila, * eta eroan gaizala zure betiko erreinura.

     —Zabaldu eizuz gaur gure begi-bihotzak gure senideen aldera, * alkar maitatuz, alkarri zerbidu deiogun.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

   Jainko Jauna, Zeugandik dogu askatasuna eta salbamena; entzun gure otoitzak, eta Zure Semearen odolaz salbatu gaituzun ezkero, egizu, Zeugandik bizi izan gaitezala eta Zeugan aurkitu daigula betirauneko zoriona. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...