GORESPENAK
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.
1 Ant. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen nabe, zure esku-lanek pozetan nauke, alleluia.
91 Salmoa
On da Jaunari eskerrak emotea,
eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea;
goizean iragartzea zure maitasuna,
eta gauez zure leialtasuna;
hamar hariko salterio eta lirarekin,
kantuz eta kitararekin.
Zuk eginek, Jauna,
atseginez betetzen nabe,
zure esku-lanek pozetan nauke.
Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak,
bai sakonak dirala zure asmoak!
Ez ditu sumatzen burugabeak,
ez ulertzen zentzun bakoak.
Gaiztoak bedarra lez hazten badira be,
eta gaizkile guztiak loratzen,
betiko hondamendia izango dabe azken.
Jauna, Zu, ostera,
beti eta beti garai zara.
Hara, zure etsaiak, Jauna,
hara, zure etsaiak galduko dira,
gaizkileak sakabanatuko dira.
Baina niri basa-idiaren indarra emon deustazu,
orio oso garbiz gantzutu nozu.
Nire arerioak lotsaturik ikusi ditut,
nire aurka jagi diran gaiztoen hondamena entzun dot:
«Loratuko da zintzoa palmondoa lez,
haziko da Libango izaia lez;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan loratua.
Emongo dabe uzta zahartzaroan be,
mardul eta gordin egongo dira.
Iragarriko dabe ze zuzena dan Jauna,
nire Harkatxa, Beragan gaiztakeriarik ez daukana».
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen nabe, zure esku-lanek pozetan nauke, alleluia.
2 Ant. Berak emoten deusku heriotzea, eta Berak bizia; Berak jo gaitu, eta Berak osatuko, alleluia.
Kantika: Dt 32, 1-12
Entzun, zeruak, berba egin behar dot!
Entzun bei lurrak nire ahotik berbaldia!
Isuri bei euri-antzera nire irakaskizuna,
jatsi bedi ihintza lez nire jarduna;
langarra bedarrera lez, euria larratzera lez.
Jaunaren izena zabalduko dot-eta,
emoiozue gure Jainkoari aitamenik onena.
Harkatxa da Bera; Haren lanak on-biribilak dira,
Haren bide guztiak zuzenak dira.
Leiala da Jauna, gatxik bakoa, zuzena eta zintzoa.
Txarto jokatu jakoz seme endekatuak,
gizadi gaizto eta saihestua.
Hau ete da Jaunarentzat ordaina?
Herri zentzun bako ta ezjakina!
Ez da, ba, Bera zure aita, zu sortu zaituana,
egin eta eratu zaituana?
Oroitu zaitez behinolako egunetaz,
hausnartu eizu gizaldi guztien urteetaz.
Galdetu eiozu aitari eta esango deutsu,
gurasoei, eta egingo deutsue berba.
Goi-goikoak herriei lurrak banatu eutsezanean,
Adanen seme-alabak zabaldu zituanean,
Israelgo seme-alaben kopuruaren arabera
ezarri eutsezan herriei mugak;
bere herria dau Jaunak bere partea,
Jakob, bere ondare-zatia.
Han aurkitu eban lur itzian,
basamortu iluneko orro-artean.
Altzoan hartu eban eta gozatu,
bere begi-ninia lez zaindu.
Arranoak habiako umeei hegaz eginazoten deutsen lez,
ganean dardaratuz hegoak:
Bere hegoak hedatuz ekarri ebazan,
bere lumen ganean jaso ebazan.
Jaunak baino ez ebazan eroan.
Ez zan Haregaz beste jainkorik.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Berak emoten deusku heriotzea, eta Berak bizia; Berak jo gaitu, eta Berak osatuko, alleluia.
3 Ant. Ospez eta aintzaz koroitu dozu zure Kristo, alleluia.
8 Salmoa
Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena, lurbira osoan!
Zeruen ganetik gora,
zure handitasuna!
Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik
atara dozu gorespena, arerioak isilduazoteko,
etsaiak eta aurkakoak zentzuzko bihurtzeko.
Zure atzamarren lana dan ortzia ikustean,
han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean:
Zer da gizakia, Zu haretaz oroitu zaitezan?
Edo-ta gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan?
Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,
ospez eta aintzaz koroatu dozu.
Zure esku-lan guztien buru ipini dozu,
guztia oinperatu deutsazu:
Ardi eta idi guztiak,
ganera lurreko abere guztiak;
eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak,
itsas-bidexketan dabilzanak.
Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena, lurbira osoan!
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Ospez eta aintzaz koroitu dozu zure Kristo, alleluia.
Eg 13, 36-39
Jainkoak gizon-emakume guztiei eta leku guztietan bihozbarritu daitezala agintzen deutse. Izan be, gizadia auzi zuzenez epaitzeko eguna jarri dau, horretarako Berak aukeratutako gizonaren bidez; eta gauza hori, gizon hau hilen artetik biztuz egiztatu dau.
R/. Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia.
Biztu da.
V/. Gugatik hagan zintzilik hil zana.
Alleluia.
Aintza Aitari. Biztu da.
Bened. ant. Bakea zuekin, Neu naz, alleluia; ez izan bildurrik, alleluia.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Bakea zuekin, Neu naz, alleluia; ez izan bildurrik, alleluia.
Eskariak
Otoitz egin deiogun betiko bizia irakatsi deuskun Kristori, esanez:
Zure biztuereak, Jauna, aberastu gaizala graziaz.
—Betiko Artzain Horrek, begitu lotatik jagi dan zure artaldea, * eta bazka gaizuz, zure berba eta ogiaren jaki aberatsez.
—Ez gaizuzala itzi otsoaren hortzetan edo morroi txarraren arduragabekerian jausten, * egizu, ostera, Artzain onaren zure berbea entzun daigula beti.
—Barri onaren zabaltzaileekin beti zabiltzan Horrek, hareen esanari indar emonez: * iguzu, geure biziereaz iragarri daigula gaur zure biztuerea.
—Izan zaitez Zu inork kenduko ez deuskun gure poza, * pekatuaren ilunpea itzirik, betiko bizia irrikatu daigun.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko Jauna, Zeuk
gaituzu salbatzen eta zeure seme-alabatzat hartzen; ikusi begi onez hain maite
dituzun zure seme-alabak, eta Kristogan sinisten dogunoi emoiguzu egiazko
askatasuna eta betiko bizia. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi
eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko
ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.