domingo, 9 de febrero de 2025

Laugarren Zapatua

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea


1 Ant. Bai handi dirala, Jauna, Zuk egindakoak, alleluia.

91 Salmoa

On da Jaunari eskerrak emotea,
     eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea;
     goizean iragartzea zure maitasuna,
     eta gauez zure leialtasuna;
     hamar hariko salterio eta lirarekin,
     kantuz eta kitararekin.

Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen nabe,
     zure esku-lanek pozetan nauke.
     Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak,
     bai sakon dirala zure asmoak!

Ez ditu sumatzen buru bakoak,
     ez ulertzen zentzun bakoak.
     Gaiztoak bedarra lez hazten badira be,
     eta gaizkile guztiak loratzen,
     betiko hondamendia izango dabe azken.

Jauna, Zu, ostera,
     betien-beti garai zara.
     Hara, zure etsaiak, Jauna,
     hara, zure etsaiak galdu egingo dira,
     gaizkileak sakabanatu egingo dira.

Baina niri basa-idiaren indarra emon deustazu,
     orio oso garbiz gantzutu nozu.
     Nire etsaiak lotsaturik ikusi dodaz,
     nire aurka jagi diran  gaiztoen hondamena entzun dot:

«Zintzoa palmondoa lez loratuko da,
     Libango izaia lez haziko da;
     Jaunaren etxean landatua,
     gure Jainkoaren atarietan loratua.

Emongo dabe uzta zahartzaroan be,
     mardul eta gordin egongo dira.
     Iragarriko dabe ze zuzena dan Jauna,
     nire Harkatxa, Beragan gaiztakeriarik ez daukana».

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bai handi dirala, Jauna, Zuk egindakoak, alleluia.

2 Ant. Ur garbiz zipriztinduko zaituet, alleluia.

Kantika: Ez 36, 24-28

Neuk hartuko zaituet atzerrietatik,
     lur guztietatik batuko,
     eta zuen lurraldera ekarriko.

Ur garbiz zipriztinduko zaituet:
     eta garbituko zarie zikin guztitik;
     garbituko zaituet zuen sasi-jainkoetatik.

Bihotz barria deutsuet emongo,
     eta barruan arnasa barria ipiniko.
     Kenduko dot zuen soinetik harrizko bihotza,
     jarriko deutsuet haragizko bihotza.

Neure arnasea ipiniko dot zuen barruan
     eta neure legebidean ibiliazoko zaituet,
     nire aginduak zaindu daizuezan eta bete.

Nik zuen arbasoei emondako lurrean bizi izango zarie.
     Nire herri zarie zuek izango
     eta Ni zuen Jainko.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Ur garbiz zipriztinduko zaituet, alleluia.

 

3 Ant.  Dana da zeuena; zuek Kristorenak, eta Kristo Jainkoarena, alleluia.

8 Salmoa

Jauna, gure Jauna,
     bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Zeruen ganetik gora,
     zure handitasuna!
     Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik
     atara dozu gorespena, arerioak isilduazoteko,
     etsaiak eta aurkakoak zentzuzko egiteko.

Zure atzamarren lana dan ortzia ikustean,
     han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean:
     Zer da gizakia, Zu haretaz oroitu zaitezan?
     Edo-ta gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan?

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,
     ospez eta aintzaz koroatu dozu.
     Zure esku-lan guztien buru ipini dozu,
     guztia oinperatu deutsazu:

Ardi eta idi guztiak,
     ganera lurreko abere guztiak;
     eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak,
     itsas-bidexketan dabilzanak.

Jauna, gure Jauna,
     bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Dana da zeuena; zuek Kristorenak, eta Kristo Jainkoarena, alleluia. 

Jainkoaren hitza

Eg 13, 36-39

     Jainkoak gizon-emakume guztiei eta leku guztietan bihozbarritu daitezala agintzen deutse. Izan be, gizadia auzi zuzenez epaitzeko eguna jarri dau, horretarako Berak aukeratutako gizonaren bidez; eta gauza hori, gizon hau hilen artetik biztuz egiztatu dau.


R/.  Biztu da Jauna hilobitik. * Alleluia, alleluia. Biztu da.
V/.  Gugatik hagan zintzilik hil zana. Alleluia.
        Aintza Aitari. Biztu da.

Bened. ant.  Artzain nagusia agertu daitenean, zimeltzen ez dan aintzazko koroia izango duzue, alleluia.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Artzain nagusia agertu daitenean, zimeltzen ez dan aintzazko koroia izango duzue, alleluia.


Eskariak

     Otoitz egin deiogun betiko bizia irakatsi deuskun Kristori, esanez:

Zure biztuereak, Jauna, aberastu gaizala graziaz.

     —Betiko Artzain Horrek, begitu lotatik jagi dan zure artaldea, * eta bazka gaizuz, zure berba eta ogiaren jaki aberatsez.

     —Ez gaizuzala itzi otsoaren hortzetan edo morroi txarraren arduragabekerian jausten, * egizu, ostera, Artzain onaren zure berbea entzun daigula beti.

     —Barri onaren zabaltzaileekin beti zabiltzan Horrek, hareen esanari indar emonez: * iguzu, geure biziereaz iragarri daigula gaur zure biztuerea.

     —Izan zaitez Zu inork kenduko ez deuskun gure poza, * pekatuaren ilunpea itzirik, betiko bizia irrikatu daigun.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

   Jainko ahalguztidun betiraunekoa, egizu gero ta gehiago bizi izan daigula Pazko-misterioa; Zuk lagundurik, Bateoaz bizi-barritu gaituzunok, Kristoren frutu ugariak emon daiguzan, eta betirauneko biziaren zorionera heldu gaitezan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.

 

 

 

 

 

 

Biztuera Domekea

GORESPENAK Agurra V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.   Aintza Aitari eta Semeari eta ...